XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

REKAREDOREN KONBERTSIOA GIZARTEA

Isidor Sevillakoaren testu honek Rekaredoren eta bisigotuen konbertsioaz dihardu.

Harez gero, Penintsula Iberiarrean boterearen jabe ziren bisigotuak, lehendik kristaututako heretiko arriandarrak, bertoko Eliza katolikoaren erakundera bildu ziren.

Konbertsio masibo honen bitartez gotuen monarkek Elizaren laguntza estimagarria bereganatu zuten, erabaki horrekin Hispaniako erresumaren batasuna sendotuz.

DCXXIIII. aroan, Maurizioren inperioaldiko hirugarren urtean, Leovigildo hil ondoren, honen seme Rekaredo izan zen erregetzat koroatua.

Erlijioarentzako errespeto handiz jantzia zegoen eta ohituretan aita ez-bezalakoa zen oso, zeren aita erlijiogabea izan bait zen eta guztiz gerrazalea; hau, berriz, jaieratsua zen fedeaz eta ospetsua bakeaz.

Aitak bere nazioaren inperioa zabaltzen zuen armak erabiliz; semeak loriatsuago handituko zuen inperio hori, fedearen garaikinarekin.

Rekareko, bere erreinaldiaren hasieratik beretik konbertitu zen fede katolikora eta gotuen nazio osoa eraman zuen egiazko fedearen kultura, horrela biziro sartua zegoen errore baten orbana ezabatuz.

Jarraian gotzain-sinodo bat bildu zuen Espainiako eta Galiako probintzia ezberdinetatik, arriotarren heresia gaitzesteko.

Kontzilio honetara printze txit erlijiosoa bera agertu zen, eta bere presentzia eta izenpearekin sendetsi zituen haren aktak.

Beretar guztiekin ukatu zuen, ordurarte gotu-herriak Arrioren irakatsietatik ikasia zuen fedegaiztoa, aitortuz, Jainkoagan hiru pertsonako batasuna dagoela, Semea konsubstantzialki sortu duela Aitak, Izpiritu Santua Aita eta Semeagandik batera datorrela, hauek biok izpiritu bakarra baino ez dutela eta, ondorioz, bat besterik ez direla.

(ISIDORO Sevilla-koa,636: Gotu, bandalo eta sueboen historiak).

Isidor Sevillakoa, idazle eta Eliz doktorea da (c. 560-636).

633an Toledon ospatutako IV. Kontzilioaren buru izan zen eta Espainiako disziplina liturgikoa batu zuen.

Garaiko ezagumenduen sintesi handi bat eman zuen Etymologiae deituriko obran.

Erdi Aroan oinarrizko kontsulta burua izan zen hau.